XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Antropologiak giza talde batek erabiltzen dituen kontzeptuak ikertzen ditu neurri handi batean.

Kontzeptu horiek sortzen dira gizakiek bizitako mundu sozialaren esperientzia kategoria esanahidunetan edo ezagutza-sistematan biltzen dituztelako, eguneroko bizitza ulergarriago egitearren.

Antropologiaren erakarpenik garrantzitsuenetakoa bere ikerketa-metodoak dira (batez ere behaketa partehartzailea, zeinaren bitartez saiatzen garen fenomeno sozialek agente sozialentzat, partehartzaileentzat duten esanahia ulertzen) eta zuzenbideari dagokionez disziplina honek gatazka sozialen konponbideei ematen dien garrantzia eta zuzenbidea edo instituzio juridikoak kulturaren sarean lotuta bezala ikustea.

Zuzenbidearen antropologian bi paradigma izan dira nagusi:

a) azterketa arautzaile eta instituzionala (Radcliffe-Brown, Hoebel, Gluckman): zuzenbidea da erregela- edo erakunde-multzoa.

Hemen abiapuntua erregela da: lehen mailako eta bigarren mailako erregelak.

Erregelak gizarte guztietan agertzen dira baina neurri ezberdinetan.

Orduan posible da gizarteak gonbaratzea erregelen bidez.

Erregela hauek orokorrak eta abstraktuak dira eta hauen atzetik santzio-aparatu bat dago hertsakortasunez baliatzen dena.

Kasu hauetan arauak aztertzen dira, testuinguru sozialetik atereaz nolabait,

b) prozesu eta gatazken azterketa (Malinowski); gatazkekin hasten da.

Gatazkak non-nahi sortzen dira, edozein gizartean; bai gizarte modernoetan, bai gizarte garatugabeetan, eta gatazka horiek konpontzeko, ahaleginak egiten dira gizarte mailan: ahalegin horiei buruzkoa da zuzenbidea.

Beraz zuzenbidea eta gizartea ulertzeko abiapuntu interesgarria da gatazka, ez bakarrik gatazkak konpontzerakoan arauak jokoan sartzen direlako; baizik eta prozedurek eta emaitzak garrantzi handia dutelako; zuzenbidea bere funtzioek definitzen dute eta ez bere erregelek.

Erregelen garrantzia ez da ukatzen baina zuzenbidea testuinguru sozial batean ematen da bai gatazkak sortzen direnean, bai eguneroko gatazkarik gabeko bizitza sozialean.

Enfasia bigarren paradigma horretan jarri izan da, gatazkak konpontzeko metodoak biziki ikertu izan dira antropologian, eta zazpi metodo nagusi bereizten dira: